Aurrekariak
Atal honetan, Arartekoak burututako immigranteen eskubideei eragiten dizkieten jarduketak azaltzen ditugu; izan ere, pertsona horiek dira euskal herri-administrazioen politiken hartzaileak. Halaber, immigrazioaren fenomenoari eta atzerriko pertsonen eskubideei eragiten dizkieten berritasun nabarmenenak adierazten ditugu. Azkenik, arlo honetako eskubideen egoeraren balorazioa aurkeztuko dugu.
Ikuspegiren, hau da,Immigrazioko Euskal Behatokiaren datuen arabera, 2016an, beste estatu batean jaio diren eta Euskadiko Autonomi Erkidegoan bizi diren pertsonen kopurua 188.213 zen. Zifra horrek euskal herritarren % 8,6 hartzen du; 2015ekin alderatuz, biztanleria apur bat areagotu da (% 8,4), batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian; Araban, berriz, apur bat murriztu da.
Jatorrizko nazionalitateei dagokienez, gehienak herrialde hauetakoak dira: Maroko, Kolonbia, Errumania, Bolivia, Ekuador, Portugal eta Nikaragua.
Ikuspegiren 2016ko barometroaren arabera, tolerantzia-indizeak erakusten du azkenengo urteetan hobekuntza txiki bat egon dela; horrez gain, atzerriko jatorriko immigrazioarentzako agertoki lagungarriago eta optimistago bat finkatu da. Hala ere, adierazi behar da oraindik ere pertsona batzuei ez zaiela immigrazioa gustatzen (hain zuzen ere, herritarren % 18ari, barometroaren datuen arabera).
II. Mundu Gerratik ezagututako errefuxiatuen krisirik handienean murgilduta jarraitzen du Europak eta inoiz ez bezala igo da asiloa eskatzen dutenen kopurua. Migrazioen Nazioarteko Erakundeak esan du 2016an 5.079 pertsona baino gehiago hil zirela mediterraneoa zeharkatzen saiatzen zirenean; hala ere, datuak ez dira zehatzak eta baliteke kopuru hori handiagoa izatea.
Europara 350.000 pertsona inguru heldu dira; 2015eko datuekin alderatuz, kopuru hori murriztu da. Izan ere, 2015ean, 1.000.000 pertsona baino gehiago heldu ziren Europara. Bitartean, 60.000 pertsona baino gehiago erantzun baten zain daude Greziako errefuxiatuen esparruetan.
Siriako gatazkaren ondorioak suntsitzaileak izan dira: 250.000 pertsona hil dira eta 11 milioi pertsona baino gehiagok euren etxeetatik ihes egin behar izan dute; horietatik, 4.500.000 inguruko herrialdeetan bizi dira oso baldintza gogorretan.
Europara sartzen diren eta nazioarteko babesa edo asiloa eskatu nahi duten pertsonek heltzen diren lehenengo herrialdean eskatu beharko dute; hala, horrek presio handia eragiten die mugako herrialdeei. Horrez gain, estatu kide batzuek Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako herrialdeekin ezarritako kontrolak berraktibatu dira eta, horren ondorioz, krisi humanitario larri bat sortzen ari da. Ez dago baliabide nahikorik pertsona horiek hartzeko eta horiei arreta emateko eta neguan tenperatura baxuak jasaten ari dira. Hori dela-eta, Europan milaka pertsona muturreko baldintzetan daude. Balkanetako ibilbidea ofizialki itxi zen 2016ko martxoan; horregatik, milaka errefuxiatu Serbian daude geldituta, asiloaren zain edo Europako beste herrialde batzuetarako ibilbidea jarraitzen saiatuz.
1. Arloa kopurutan
Etorkinek, gainerako herritarrek bezalaxe, erakundearen lan arlo guztiei eragiten dieten kexak aurkezten dituzte. Azpimarra daiteke kexa asko gizarte-eskubideei dagozkiela, hortaz, batez ere, gizarteratze, hezkuntza, etxebizitza eta osasun arloei eragiten dietela. Eragindako beste arlo bat segurtasuna da.
Adingabe atzerritarrei dagozkien kexak Haur eta Nerabeen Bulegoko txostenean aztertu dira. Haren txostena geure egiten dugu. Bestalde, Estatuko Administrazio Orokorrarekin zerikusia duten kexak Herriaren Defendatzailearen Bulegora bideratzen dira.
Hori guztia dela eta, zaila da kolektibo horrek aurkezten dituen kexen kopurua zehaztea.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria ukatzea, etetea eta iraungitzea
Atal honetan, atzerritarrek atzerritartasunaren ondorioa den arrazoi batengatik aurkeztutako kexak baino ez ditugu aipatu. Txosten honen II. kapituluko gizarteratzeari buruzko atalean, prestazioak ukatu, eten edo azkentzearekin zerikusia duten kexa orokorrak aipatu ditugu.
2.1.1. Herritar atzerritarrek Arartekoarengana jotzeko kexa-arrazoietako bat da eskaera artxibatu izana edo prestazioa ukatu izana, prestazioak aitortzeko beharrezko dokumentazioa ez aurkezteagatik. Dokumentazio horrekin, baliabide ekonomikoak dituztela justifikatzen da eta pertsonen identitatea egiaztatzen da.
Kexa horiek jarri dira zailtasunak daudelako dokumentu hori eskuratzeko edo Lanbidek baliotasunik ematen ez diolako. Arartekoak Lanbideri askotan helarazitako iritzi bera dauka, hau da, hausnarketa bat egin beharko litzateke pertsona immigranteei dokumentu horiek eskatzeari dagokionez. Izan ere, pertsona horietako batzuek bere jatorrizko herrialdeak utzi dituzte indarkeria edo txirotasunarengandik ihes edo gatazka historikoek edo hondamendi naturalek suntsitutako lurraldeetatik ihes, errefuxiatu estatusa lortu duten gorabehera. Hori dela-eta, nekez sinestekoa da baliabide ekonomikoak dituztela. Hausnarketa horrekin batera, eraginkortasunaren ebaluazioa egin beharko litzateke, hau da, administrazio-egituran dauden desberdintasunak eta atzerritarrek lortzeko dituzten zailtasunak kontuan hartuta, zentzuduna ote den eskakizun hori mantentzea, lortzen den informazioa aintzat hartuta.
Eskakizun hori 147/2010 Dekretuaren 9.3 artikuluarekin lotu behar da; artikulu horren arabera, eskubidea eskatzen duenak betekizun hau betetzen duela egiaztatu beharko du: “Nahikoa baliabiderik ez edukitzea. Horrelako baliabiderik ez daukala iritziko da, honako baldintza hauek guztiak betetzen direnean:
(...) b) Inolako ondasun higiezinik ez edukitzea”.Zentzu horretan, Lanbidek eskatzaileek edo titular atzerritarrek betekizun hori betetzen dutela egiaztatzeko eskatzen du. Horretarako, ondasunen ziurtagiri baliodun bat aurkezteko eskatzen du, hau da, jatorrizko herrialdean duten ondarea jasotzen duena.
Oro har, atzerriko dokumentu publiko guztiak legeztatu behar ditu aurretik dokumentu hori igorri den herrialdean jurisdikzioa duen Espainiako Bulego Kontsularrak edo, hala badagokio, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak. Hori horrela izango da herrialde igorleko agintaritza eskudunak dokumentu horretan oharrak egin baditu izan ezik, 1961eko urriaren 5eko Hagako Hitzarmenaren arabera, eta dokumentu hori legeztatzeaz salbuetsita badago izan ezik, Nazioarteko Hitzarmenaren arabera.
Gaur egun, Lanbide eskatzen ari da ondasunen gabezia egiaztatzen duen dokumentazioa aurreko kanonak betez legeztatuta egotea. Horretarako, erreferentziatzat hartzen ari da Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 56/2016 Epaian aurreikusitakoa, 323/2015 prozedura laburtua. Eskakizun hori dela-eta, arazo berriak sortu dira, jatorriz Nigeriakoak diren pertsonen kasuan bezalaxe. Izan ere, pertsona horiei Espainiako Enbaxadak ez die ondasunen ziurtagiria zigilatzen, bere lan arruntean ohiko dokumentu bat ez izateagatik. Beraz, ezin dute eskakizun berri hori bete.
Lanbideri askotan adierazi zaion bezala, dokumentu hori eskatzeak kostu altua eragiten die atzerritar onuradunei. Hala, dokumentu hori eskuratzea zaila da pertsona hori luzaroan egon denean bere herrialdetik kanpo.
Horrenbestez, balioztatu egin beharko litzateke dokumentu horiek aurkezteko ezintasuna justifikatua ote den eta neurtu egin beharko litzateke gainerako dokumentazioarekin baldintzak betetzen ote diren. Helburua da, dokumentu bat aurkeztea ezinezkoa denean, hori ez aurkeztearen ondorioz eskubidea izatea ez eragoztea; izan ere, batzuetan espedientearen inguruabarrak eta dokumentuak aztertuta, pertsonak bizitzeko gutxienekoa bermatzen duten prestazioak jasotzeko eskubidearen titularra izateko beharrezko baldintzak betetzen dituela ondoriozta daiteke.
Nolanahi ere, Lanbidek aurkeztutako dokumentua baliozkotzat ez jotzeko arrazoiak azaldu beharko lituzke, baita hori onartzeko izan behar dituen ezaugarriak ezarri ere.
2.1.2. Arartekoari azaldu zaion beste arazo bat da atzerriko pertsonak identifikatzeko beharrarekin lotutakoa. Horretarako, Atzerritarraren Txartela edo indarreko pasaportea eskatzen da. Indarreko pasaportea aurkeztu ezin bada, Lanbidek prestazioen eskaerak edo horien berritzea ukatzen du.
Arartekoak atzerriko pertsonak ukitzen zituzten kexa batzuk izapidetu ditu, horien enbaxadek pasaportea igortzen ez zutelako. Hori da, hain zuzen ere, jatorriz Ekuatore Gineakoak diren pertsonen kasua; hala, Gineako dagokion agintaritza nazionalak soilik igortzen du pasaportea jatorrizko herrialdera badoaz. Lanbidek ez du onartzen pasaporte fisikoaren gabezia azaldu eta justifikatzen duen ziurtagiria, ezta pasaportea ordezten duten dokumentuak ere. Ezin dugu ahaztu lekuz aldatu behar izatea eragozpen handi bat dela duen kostuagatik eta Espainian sartzeko dituzten zailtasunengatik egoitzako administrazio-baimena ez dutenean. Kontu horri dagokionez, Arartekoak ofiziozko jarduketa bat zuzendu dio Herriaren Defendatzaileari; hori 4. Epigrafean dago jasota.
Beste kasu batzuetan, atzerapena egoten da pasaportearen berritzean, besteak beste, Aljeriako Enbaxadaren kasuan. Izan ere, horrek pasaporte biometriko berria eskuratzeko betekizunak aldatu ditu. Beraz, jadanik zegoen atzerapenaz gain, betekizun gehigarriak eskatzen ditu, besteak beste, Espainian atzerriko pertsonak sartzea eta bizitzea arautzen dituen legeriatik ondorioztatutako eskakizunak betetzea. (Espainian bizi diren atzerritarren eskubideei eta askatasunei buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa; hala, honako lege-testu hauek aldatu dute aipatutako lege organikoa: 8/2000 Lege Organikoa; 14/2003 Lege Organikoa; 2/2009 Lege Organikoa; 10/2011 Lege Organikoa eta 16/2012 Legegintzako Errege dekretua). Eskakizun horiek ezartzen ditu Estatuko Administrazio Orokorrari (Barne Ministerioa) eskatu ahal izateko egoitza-baimena errotzeagatik. Aljeriako Enbaxadaren atzerapena zenbait pertsona ukitzen ari da, horien artean, sahararrak. Izan ere, Aljeriak pasaporte bat igortzen die Saharako herritarrei. Horren bidez, bidaiatu ahalko dute su-etena ezarri zenetik saharar desplazatuak errefuxiatuen esparruetan bizitzera behartzen dituen gatazka ebatzi arte. Hala, su-etena ezarri zen Nazio Batuak Saharan erreferenduma egiteko misioa abiarazi zuenetik (MINURSO).
Oztopo horiek ez daukate zer ikusirik pertsonak indarreko pasaporte bat eskuratzeko dituen borondatearekin, ezta jokabidearekin ere. Izan ere, oztopo horiek dira azken finean prestazioa jasotzea eragozten dutenak.
2.1.3. Arartekoan hautemandako beste zailtasun bat da dokumentazioaren aurkezpena horren egiatasunaren inguruko zalantzak daudenean.
Aurkeztutako dokumentuen egiatasunari buruzko zalantzek prozesu penal batean aurkatzera eta salatzera eraman dezakete. Kasu hauetan, Lanbidek administrazio-prozedura bukatu ohi du eremu penaleko erabaki judiziala hartu baino lehen, prestazioak jasotzeko eskubidea ukatuz, geldiaraziz edo iraungiz.
Lanbidek salaketa penal bat dagoela dakienean, pertsonari jakinarazten dizkio dokumentuaren egiatasunaren inguruan dauden zalantzak; hala, hitzordua ematen dio dagokion entzunaldi-izapiderako, bertan jasotakoa egiaztatzen duten edo ez duten beste dokumentu batzuk aurkeztu ahal izateko. Oro har, diru-sarrerak bermatzearekin eta gizarteratzearekin lotutako prozedura baten instrukzioan aurkezten den edozein dokumenturen eztabaidatze penalarekin batera, eskaera ukatu ohi da. Hau da, entzunaldi-izapide horren ostean, prozedura bukatutzat jotzen da eta interesdunari jakinarazten zaio, prozedura penalaren emaitzaren arabera, eskaera berri bat egin dezakeela.
Hortaz, ordura arte ezin du beste prestaziorik jaso, eskatzailearen identitatearen edo beste edozein dokumenturen egiatasunaren inguruko zalantzak baitaude. Arartekoak gogorarazten du, kasu hauetan, aintzat hartu behar dela salaketa penal batek soilik ez duela pertsona hori erruduna denik esan nahi, EKren 24. artikuluak jasotzen duen errugabetasun-presuntziorako funtsezko eskubidea aplikatuz. Prozedura penalean argituko den kontua erabakigarria bada prestazioen eskubideari eragiten dion erabakian, Lanbidek administrazio-prozedura eten beharko luke prozedura penalean hartzen den erabakia jakin arte. Hala, prestazioa jasotzeko eskubidea berriz aitortuko du edo iraungiko du epai penalaren epaitzaren arabera edo 18/2008 Legearen 28.1 d) artikulua aplikatuko du: “Etenaldi-egoera mantentzea hamabi hilabetez baino gehiago”.
2.1.4. Jasotzen ari garen kexen beste bloke bat prestazioaren titular izateko betekizunak betetzearekin lotuta dago, zehazki, bizikidetza-unitate bat eratzeko betekizunarekin.
Araudiak ezartzen du ezkontza bidez edo senar-emazteen antzeko harreman iraunkor baten bidez lotuta dauden pertsonak elkarrekin bizi behar direla bizikidetza-unitate bat izateko. Immigranteen kasuan, araudiak aurreikusten du bizikidetza-unitate bat izateko betekizuna betetzen dutela bi urtez gehienez ere. Hori horrela izango da senarra/emaztea edo senar-emazteen antzeko harreman iraunkor bat duen pertsona Espainian bizi ez den arren. Bi urteko epe hori igarotakoan, senarra/emaztea edo bikotea etxe berean bizi ez bada, ezingo dute diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa jasotzeko eskubidea berritu. Aurreikuspen hori soilik eragiten die atzerriko pertsonei. Izan ere, pertsona nazionalen kasuan (nazionalitate hori orain dela gutxi eskuratu badute ere), senarra/emaztearekin bizi ez badira, ez dute diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa jasotzeko eskubidea hasiera-hasieratik.
Kontua da, askotan, senarra/emaztearekin edo senar-emazteen antzeko harreman iraunkor bat duen pertsonarekin ez bizitzea ez daukala zer ikusirik bikotearen borondatearekin, baizik eta gaur egun zenbait jatorri nazionaletako pertsonek dituzten zailtasunekin, estatuetatik zirkulatzeko, mugak gainditzeko edo jatorrizkoa ez den beste herrialde batean ezartzeko.
Arartekoak Lanbideri helarazi dio, egindako zenbait esku-hartzeetan, uste duela senar-emazte atzerritarrak familiarekin elkartzeko dituzten zailtasunak hartu beharko liratekeela kontuan.
Arartekoaren ustez, bizikidetza egiaztatzeko eskakizuna, familiarekin elkartzeko eskaera ukatu zaion atzerriko pertsona batekin ezkontideen antzeko harremana duten edo senar-emazte harremana duten pertsonek osatutako bizikidetza-unitateen kasuan, bete ezin duten betekizun bat betetzeko eskatzea da, daukaten borondatea eta interesa gorabehera. Gainera, kontuan hartu behar da ahultasun egoeran daudela. Hain zuzen ere, normalean, familiarekin elkartzeko eskaera ukatzen da baliabide ekonomiko nahikoak dituztela ez egiaztatzeagatik. Beraz, erabaki hori baliabide ekonomiko nahikorik ez dutela egiaztatzen duen froga-baliabidetzat hartu behar da.
Araudi-aurreikuspen horrek eragin larriagoa dauka ezkontideetako batek Espainiako herritartasuna duen kasuetan eta ezkontidearekin elkartu ezin denean betekizunak ez betetzeagatik. Izan ere, kasu horietan, ez dute prestazioa jasotzeko eskubidea hasiera-hasieratik. Arartekoak uste du ez dela berdintasun-printzipioa betetzen.
Migrazio mugimenduek bizikidetza kasu berriak sortzen ari dituzte, kasu honetan bezala, non immigrante batek espainiar herritartasuna lortu duen beste herritartasun bat duen bere ezkontidearekin berriz elkartu aurretik. Hortaz, gure iritziz, Eusko Jaurlaritzak, 147/2010 Dekretuaren 5.4 artikuluan ezarritako aurreikuspena aplikatuz, berak hala erabakita edo beste herri-administrazioek hala proposatuta, bizikidetza-unitate kasu berriak ezarri beharko lituzke gizarte garapenari erantzuna emanez, eta zehazki, familia egitura ereduen bilakaerari.
2.2. Horrez gain, etxebizitza familia elkartzeko egokitzeari buruzko txostena egiteko egondako atzerapenarekin lotutako zenbait kexa izapidetu dira. Eusko Jaurlaritzak arin eman zuen aldeko erantzuna eta erakunde honek uste du hori positiboa dela.
2.3. Halaber, Donostiako Udalak asilo-eskatzaile batentzat egindako gizarte-arretako eskaera baten inguruko kexa bat aipatu behar da. Hala, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Immigrazio eta Emigrazioko Idazkaritza Nagusiak aurreikusitako baliabideen bidez babesten ari ziren pertsona hori baina Donostiako Udaleko gizarte-zerbitzuen arreta jasotzeko eskatzen zuen. Bertan, aukera bat azaltzen zen, pertsonaren hasiera bateko hirian ezartzeko nahiaren eta gizarte-larrialdiko baliabideen mugaketaren artean, babeseko azken sarea bihurtzen dutenak. Udalak jo zuen babes-eskatzaileei zuzendutako baliabideak izan beharko liratekeela hasieran familiari arreta emateko erabili beharrekoak; beraz, baliabide horietara bideratu zuen familia hori. Izan ere, gizarte-larrialdiko baliabidearen helburua ez da egonkortasuna sustatzea, adingabeen beharrei erantzun integral bat eman ahal izateko (behar fisikoak, emozionalak, sozialak eta eskola-beharrak). Arartekoak balorazio hori zuzena zela jo zuen.
2.4. Jasotako zenbait kexen helburua da laguntza eskatzea Grezian babesa eskatzen duten pertsonak Euskadiko Autonomia Erkidegora etorri ahal izateko eta euskal familiek horiei arreta emateko. Ekimen humanitario horiek ez dute erantzunik asiloko egungo sisteman; izan ere, sistema horretan aurreikusten da Europara sartzeko estatua izango dela asilo-eskaera kudeatuko duena, birkokapen-programaren salbuespenekin. Arartekoak asilo-eskaeraren izapidetzeaz arduratu da eta informazioa eskatu dio ACNUR-i.
2.5. Azkenik, laneko eta egoitzako baimenik ez duten baina prestazio ekonomikoen onuradunak izan diren eta pasaportearekin identifikatu diren pertsonei prestazioak erreklamatzeko prozedurak hasteko aukerari buruzko kontsulta bat aipatuko dugu. Bertan, ondorioztatu zen aplikagarria den araudiaren azterketatik ez zela ondorioztatzen legezko eragozpenik dagoenik identifikazio-dokumentu gisa indarreko pasaportea duten pertsonei bidegabeki jasotako prestazioak erreklamatzeko prozedura hasteko.
2.6. Txostenaren beste atal batzuetan jasotzen diren kexak
Hezkuntzaren arloan, Lasarte-Oriako ikastetxeen artean ikasle immigranteak modu orekatuagoan banatzeko beharraren inguruko kexa bat dela-eta hasitako jarduketa aipatzen da. Horren azterketatik, ondorioztatu zen ez zegoela eragozpenik gurasoak ikasle ohiak izateko baldintzarekin lotutako irizpidea ikasleak onartzeko irizpide gisa erabiltzeko. Irizpide hori erabiliko da eskainitako plazen kopurua nahikoa ez denean demanda guztia asetzeko eta, horrenbestez, beharrezkoa denean aurkeztutako eskaeren baremazioa egitea. Horrez gain, adierazi zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza-politika eta Kultura Sailarentzat helburu utziezina dela ikasle immigranteen banaketa orekatua lortzea Lasarte-Oriako haur eta lehen hezkuntzako bi zentro publikoen artean.
Arartekoak beste kexa bat izapidetzea onartu zuen; hala, kexa horren arrazoia zen lehen hezkuntzako ikastetxe batera beloa zeraman ikasle bat sartu zela. Kexa horretan, askatasun erlijiosoa zalantzan jartzen zen. Sailak zirkular bat bidali zien zentroei; horren bidez, hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren trataera eraentzen dituzten printzipioak helarazi zizkien. Horrez gain, ikastetxeen antolakuntza eta funtzionamenduko araudietan jaso beharreko edukiaren inguruko zenbait gomendio egiten ditu.
Osasunaren arloan, egoera irregularrean dauden atzerriko pertsonen administrazio-egoera konplexuarekin lotutako kexak izapidetzen jarraitzen dira. Hala, pertsona horiek egoera horretan daude egungo arauketa dela-eta.
Kexa horiek erakusten dute oraindik ere atzerriko pertsona horiek osasun-laguntza jasotzea zailtzen duten egoera ez-desiragarriak daudela; hala, arazoak daude Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan aurreikusitako egiaztapenaren eskaeran eta Aseguramendu eta Kontratazioko Zuzendaritzaren Instrukzioetan. Zailtasun horiek ere agertzen dira atzerriko pertsona horiek Osakidetzaren osasun-zentroetara joaten direnean.
2.7. Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion kexak
2.7.1. Arartekoak kontsulta ugari jasotzen ditu administrazio-egoera erregularizatzeko eta familia berriz elkartzeko zailtasunak direla eta; horiek Aholku Sarea izeneko Euskal Jaurlaritzako zerbitzura bideratzen ditugu.
2.7.2. Laneko edo egoitzako baimena edo herritartasuna ukatzen duten kexei dagokienez, Herriaren Defendatzaileari bidaltzen dizkiogu, erakunde eskuduna delako. Horien artean, Espainiako herritartasuna lortzeko prozedura berriari buruzkoak aipatzen ditugu; prozedura hori azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretuan araututa dago. Arau horrek aldez aurretik eta nahitaez bete beharreko betekizunak ezartzen ditu, eskatzaileak gizartean duen integrazio maila eta Espainiako kultura eta ohituretara egokitzea ebaluatzeko. Hain zuzen, azterketa batzuk gainditu beharko dira: alde batetik, Espainiako konstituzioaren eta alderdi soziokulturalen gaineko ezagutzari buruzko azterketa, eta bestetik, gaztelania azterketa, eskatzailearen jatorrizko herrialdean gaztelera hizkuntza ofiziala ez bada. Halaber, tasak ordaindu beharko dira azterketak egiteagatik eta espedientea irekitzeagatik. Herriaren Defendatzaileari bidali zaizkio Espainiako herritartasuna eskatzen duten pertsona batzuk azterketa egiteaz salbuesteko aukera proposatzen duten kexa batzuk. Proposatzen da unibertsitate publiko edo pribatuen berezko zentroetan matrikulatuta dauden eta agintaritza eskudunak ezarri beharreko gutxieneko kreditu europar batzuk (ECTS) gainditu dituzten pertsonak azterketa egiteaz salbuesteko. Administrazioak erantzun zuen antolamendu juridikoa aldatu behar dela; beraz, Herriaren Defendatzaileak informazio osagarria eskatu du, ondorio horietarako araudia aldatzearen inguruko gogoetari dagokionez.
Gainera, Herriaren Defendatzaileak adierazi du gomendio bat bidali diola Estatuko Justizia Idazkaritzari honen inguruan: “Instrukzioak emateko beharrezko babesak eta doitze zentzudunak barne hartzeko, berdintasun eraginkorreko baldintzetan sartzea bermatzen dietenak analfabetismoa duten eskatzaileei egoitzagatik Espainiako herritartasuna eskuratzeko prozeduran. Horrez gain, horien beharretara egokitutako metodoak ezarri behar dira herritartasuna eskuratzeko eska daitezkeen froga guztietan”. Hala, adierazi beharra dago idazkaritza horrek gomendioa onartu duela.
Joan den urtean, irailaren 30eko JUS/1625/2016 Agindua onetsi zen, egoitzagatik Espainiako herritartasuna emateko prozeduren izapidetzeari buruzkoa. Cervantes Institutuko frogen inguruko 10. artikuluaren 5. atalean hauxe adierazten da: “froga horiek dispentsatu ahalko zaizkie Espainian eskolatuta egondako eta derrigorrezko bigarren hezkuntza gainditu duten eskatzaileei”. Bi alderdi horiek egiaztatu beharko dira dagokion dokumentazioa jasoz espedientean”.
Egoitzagatik Espainiako herritartasuna emateko prozeduren izapidetzeari buruzko irailaren 30eko JUS/1625/2016 Aginduaren 10.5 artikuluak aurreikusi du Cervantes Institutuak jarduketa bereziak eskainiko dituela DELE eta CCSE frogen administrazioan ezgaitasunen bat duten pertsonentzat, frogetan berdintasun eraginkorreko baldintzetan parte hartzeko moduko babes eta doitze zentzudunak izan ditzaten. Idazten eta irakurtzen ez dakiten edo ikaskuntza-zailtasunak dituzten pertsonek froga horiek dispentsatzeko eska diezaiokete Justizia Ministerioari.
2.7.3. Era berean, Herriaren Defendatzaileari beste kexa batzuk bidali zaizkio. Horien bidez, salatu egin da Barne Ministerioak aberrigabeko edo nazioarteko babeseko eskaerak ebazteko izandako atzerapena; azkenik eskaerak ebatzi dira.
Emandako babesari dagokionez, Herriaren Defendatzaileak adierazi du aberrigabe-estatutua duten eta hori eskatzen duten pertsonen egoeraren arauketa desberdina dela gure antolamendu juridikoak nazioarteko babeseko eskatzaile eta onuradunentzat aurreikusten duenarekin alderatuz. Aberrigabe-estatutua eskatzeko prozeduraren izapidetzeak lurralde nazionalean dagoen eta kanporatzeko edo itzultzeko prozedura batean murgilduta ez dagoen eskatzailearen aldi baterako egoitza baimentzea ahalbidetzen du. Hala eta guztiz ere, denbora horretan, ezingo dute laneko baimenik eduki, hala badagokio, aberrigabe-estatutua aitortu arte. Horrez gain, ez dute gizarte-laguntzako konpromiso espezifikorik eta Asilo, Migrazio eta Immigrazioko Funtsetan ez da horien babesa aurreikusten. Hala ere, Immigrazio eta Emigrazioko Idazkaritza Nagusiak aberrigabe-estatutuaren eskatzaileak eta onuradunak hartzen ditu barne nazioarteko babesaren eskatzaileen eta onuradunen harrerako eta integrazioko Sistema Nazionalaren balizko onuradun gisa.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Argitaratu egin daEuskadiko Osasun Sisteman Gomendatutako Jardunen Eskuliburuaemakumeen genitalen mutilazioaren ingurukoa.
Gorrotoaren hitzaldiaren aurkako borrokan interesgarria izan daitekeenez,Gorrotoaren hitzaldiaren aurkako borrokari eta azalpen-memorandumari buruzko 15. Gomendio Orokorraaipatzen da. Gomendio hori 2015eko abenduaren 8an eman zen Estrasburgon, Europako Batzordearen 2016ko martxoaren 21ekoa Arrazismoaren eta Intolerantziaren aurka, Europako Kontseilua.
Bertan, proposamenak egiten dira adierazpen eta iritzi askatasunerako, tolerantziarako eta gizarte demokratiko eta pluralista batean gizaki guztien duintasun beraren errespeturako eskubidearen mugen barruan, pertsona edo pertsona-talde baten aurkako gorrotoaren edo mespretxuaren sustapena, promozioa edo zirikaldia saihesteko.
Nabarmendu behar dira Herriaren Defendatzaileak ACNUR-ekin elkarlanean egindako lanaren ondorioak eta proposamenak; lan hori herri-administrazioek babesaren arloan egiten dituzten jarduketen ingurukoa da eta proposamenak egin dira arreta hobetzeko, bereziki hezkuntzari eta etxebizitza bat eta enplegua eskuratzeari dagokienez. Izan ere, horiek dira errefuxiatuek eta asilo-eskatzaileek dituzten erronka nagusiak Espainian integratzeko prozesuan zehar.
Gainera, aurten, Herriaren Defendatzaileak txosten bat egin du, Espainiako asiloari, nazioarteko babesari eta harrera-sistemaren baliabideei dagokienez.
Azkenik, Barne Ministerioaren gorroto-delituekin lotutako gorabeheren inguruko txostena aipatu behar dugu. Bertan, adierazten da gorabehera gehien erregistratzen dituen eremua dela arrazismo/xenofobiarena. Hala, gorabehera gehien gertatzen diren autonomia erkidegoak dira Katalunia eta Euskadi.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko jarduerak
4.1.1. Joan den urtean, Herriaren Defendatzaileari helarazitako jarduketa bat aipatu zen, Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak Gipuzkoan Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako prentsa-ohar bati dagokionez egindako informazio-tratamenduaren inguruan. Ekainaren 10ean argitaratutako prentsa-oharrean, immigrazioak, eta zehazki, bakarrik dauden adingabe atzerritarren kolektibo ahulak gizartean duen irudiari eragiten dieten adierazpenak egin dira. Aipatutako prentsa-oharrak oihartzuna izan zuen hedabideetan (Diario Vasco, 2015-06-11) eta egiaztatu gabeko delituak aipatzen zituen. Horrez gain, balorazio batzuk jaso ziren, dei efektu bat dagoela bezalaxe.
Herriaren Defendatzaileari helarazi zitzaion Arartekoaren iritzia, hau da, jokabideak epaitzea auzitegiei dagokiela eta komenigarria zela irizpide erantzule eta haztatu bat mantentzea poliziak immigranteen jarduketei buruzko ematen dituen informazioei dagokienez. Horrela, saihestu nahi da informazioa diskriminazioa sortzeko, erreproduzitzeko eta indartzeko tresna bat bihurtzea.
Herriaren Defendatzailearen Bulegoak erakunde honi erantzun dio; hala, jakinarazi dio zenbait jarduketa burutu dituela immigrazioaren hedabide-tratamenduarekin zer ikusia duten erakunde eskudunekin. Horrez gain, azpimarratu du beharrezkoa dela Konstituzioaren 20. Artikuluak babesten duen informazio-askatasuna diskriminazioaren eta intolerantziaren prebentzioarekin uztartzea. Zentzu horretan, Europako Kontseiluaren Ministroen Komitearen 97. Gomendioa aipatzen da; gomendio hori hedabideen eta tolerantziaren kultura sustatzearen ingurukoa da. Herriaren Defendatzaileak gehitu du Poliziaren Zuzendaritza Nagusiari helarazi diola bere balorazioa. Hala, adierazi dio interesdunen adindun izaera ez dela ezartzen proba oseometrikoak eta erradiologikoak egin ostean. Izan ere, froga horiek aztertutako pertsonen hezur-garapenaren estimazio estatistikoa baino ez dute egiten eta ez dute, inola ere, adin kronologikoa egiaztatzen. Bere ustez, Ministerio Fiskalaren esku-hartzea beharrezkoa da beti; horrek adina ezartzeko dagokion dekretua emango du behin espedientean dauden datu guztiak aztertuta. Horrez gain, auzitegiko txostena aztertuko du; bertan, batera ebaluatuko dira adinen urkila egokia jasotzen duen txosten erradiologikoa eta anamnesi zuzendua eta egin diren gainerako txosten medikoak (ortopantomografia, klabikularen mutur proximalaren erradiografia, etab.) Hortaz, Herriaren Defendatzaileak Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi dio oharra igorri zenean, bertan adierazitakoaren aurka, gutxienez kasuetako batean, prozedura penala artxibatuta zegoela. Izan ere, fiskalak atzera egin zuen espedientearen hasieran “egitatearen garrantzi eskasa kontuan hartuta; gainera, egokia da adingabearen interes eta egoeretarako”. Hala, horrekin, ondoriozta daiteke interesdunak adingabearen izaera mantentzen zuela. Era berean, adierazi du beste bi kasutan pasaporteak bere herrialdeek Espainian duten Enbaxadan eskuratu zirela; beraz, ezin da horien baliotasuna zalantzan jarri. Horrez gain, adierazi du aipatutako prentsa-oharra igorri zenean interesdunek adingabeak babesteko zerbitzuen esku jarraitzen zutela. Hortaz, ez litzateke zuzena izango adinduntzat hartzea. Era berean, uste du prentsa-oharrak ziurtzat jotzen duela atzerriko herritarrek pasaporteak faltsifikatzen dituztela eta horien herritartasuna aipatzen du, errugabetasun-presuntzioa errespetatu gabe eta gai horren inguruko ebazpen judiziala emateke dagoela kontuan hartu gabe. Azkenik, erakunde horri gogorarazi dio kautela bereziarekin jokatu behar dela adingabeen edo ustezko adingabeen edo atzerritarren taldea bezalako beste talde batzuen datuak ematerakoan; izan ere, pertsona edo talde horiek estigmatizatu daitezke legez kontrako jarduerekin lotzean eta pertsona horien inguruko estereotipoak eta aurreiritziak sortzea edo sustatzea saihestu behar da.
4.1.2. Joan den urtean, Herriaren Defendatzaileari zuzendutako ofiziozko jarduketa bat hasi zen; horren bidez, Espainiako Gineako Enbaxadan pasaporte bat izapidetzeko ezintasunaren ondorioen inguruko kezka adierazi zen. Ezintasun hori dela-eta, zailtasun ugari sortzen ari dira, besteak beste, ama Gineakoa den haurren kasuan, Erregistro Zibilean inskribatzea edo Lanbidek beharrik oinarrizkoenak asetzeko prestazio ekonomikoak izapidetzea ukatzea. Herri-administrazio guztiek ez dute onartzen enbaxadak igortzen duen ordezko ziurtagiria pertsona hori ondorio guztietarako identifikatzen duen dokumentu gisa.
4.1.3. Azkenik, Greziako Herriaren Defendatzaileari bidalitako gutuna aipatu behar dugu. Bertan, zenbait euskal ekintzaileen jarduketaren izaera humanitarioa baloratzen zen; izan ere, horiek 8 babes-eskatzaile Euskadira ekartzen saiatu dira, asmo solidarioarekin, pertsonen trafikotzat ulertzen denaren edozein konnotaziotik urrun. Bertan, Arartekoak Europar Batasunak eta Europako gobernuek asiloari dagokionez bere gain hartutako konpromisoak ez betetzearen aurrean zabaldutako frustrazioaren berri eman zuen. Hala ere, euskal herritarrek pertsona horiek hartzeko, laguntzeko eta babesteko borondatea erakutsi dute. Herriaren defendatzaileari helarazi zitzaion, bi erakunde horiek interes komuneko gaiei dagokienez mantentzen duten lankidetzaren esparruan.
4.1.4. Azkenik, Arartekoak uste du beharrezkoa dela babes-eskatzaileak berriz kokatzeko eta finkatzeko zailtasunak nabarmentzea. Beraz, baterako ekintza bat proposatu du beste autonomia erkidegoetako herria defendatzeko bulegoekin. Horrela, autonomia erkidegoek protagonismo gehiago izango dute eta Estatutik lankidetza areagotu ahalko da, berriz kokatzeari eta finkatzeari dagokionez onartutako konpromisoak betetzen direla sustatzeko. Baterako jarduketa hori 2017ko lehenengo hiruhilekoan burutuko da.
4.2. Beste jarduera eta bilera batzuk
4.2.1. Arartekoak zenbait hirietan abiarazitako zurrumurruen aurkako estrategiak biltzen dituen webgune baten aurkezpenean parte hartu du; aurkezpen hori maiatzaren 3an egin zen Donostiako Udaleko Osoko bilkuren Aretoan eta zenbait eragile publikok eta pribatuk hartu zuten parte.
Zenbait erakunde-eragilek eta erakunde sozialek sustatu dute zurrumurruen aurkako sarea, besteak beste, Immigrazioaren Euskal Behatokia, Ikuspegi; Donostia eta Getxoko Udalak; SOS Arrazakeria Gipuzkoa eta CEAR. Hiri horiek Kultura Arteko Hirien Sarearen parte dira, Europako “intercultural cities” Sarera lotutakoa. Programa hori Europako Kontseiluak sustatu du Europako Batzordearekin elkarlanean; hala, horren parte dira, besteak beste, Donostiako, Bilboko eta Getxoko Udalak. Hala, Donostia programaren kide diren lehenengoetariko hiri bat da.
4.2.2. Arartekoa Deustuko Unibertsitateko Giza-eskubideen Institutuarekin bildu da, askatasun erlijiosorako eskubidearen inguruan egindako lana partekatze aldera. Institutu hau zenbait administrazioekin elkarlanean ari da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin, politika publikoetan eragina izan nahi duen eskubide hori garatzeko.
4.2.3. Bilera bat egin da erkidego musulmaneko ordezkariekin; horretan, aldarrikapen batzuk egin dituzte eta gai hauen inguruan dituzten konpromisoak azaldu ere bai: Halal janaria sustatzea hezkuntza zentroetan, ospitaleetan eta espetxeetan; kultu musulmaneko lurperatzeei dagokienez eta Derioko hilerrian soilik egin ahal izateak dakartzan gabeziak; beloaren kontua hezkuntza-zentroetan eta hezkuntza-zentroetan erlijio musulmana eman ahal izateko betekizunak betetzeko zailtasuna euskara-profila eta irakasletza egiaztatzeko zailtasuna dela-eta. Bildotsaren jaia ospatzeko edo beste jardunbide batzuetarako zailtasunak aipatzen dituzte, besteak beste, zirkunzisioa. Horrez gain, adierazi dute ezinezkoa dela PFEZan ekarpen bat egitea erlijio musulmanari, erlijio katolikoarekin egiten den bezala. Kontuan hartu beharreko elementu gisa adierazi da erkidego musulmanarekiko elkarrizketan gai hauek aintzat hartu beharko liratekeela: babes soziala, askatasun erlijiosoa eta hezkuntza, segurtasunaz gain.
4.2.4. Era berean, bilera bat egin da SOS Arrazakeria Gipuzkoa elkartearekin, horrek helarazitako arazo batzuk jorratzeko. Arazo horiek zer ikusia zuten laguntzarik gabeko atzerriko adingabeen arretarekin eta Arartekoaren ekainaren 17ko 5/2013 Gomendio Orokorraren jarraipenarekin. Hori Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean aztertzen da. Erakunde honi aurkeztutako arazoen artean dago Gipuzkoako lurraldean egoitza-baimena izapidetzea ukatzea babes-erakunde batean 9 hilabetez egon ez badira, 9 hilabeteko epea gehieneko muga giza ezartzen bada ere. Beste kezka bat ere azaldu zuten; izan ere, kezkatuta daude prozedura penala artxibatzen denean baina pasaportea itzultzen ez denean pasaportearen faltsutasunagatik jarritako salaketa dela-eta. Arartekoak Fiskaltzarekin eta Gobernuaren Salarekin izandako bileretan kontu hori aipatu da; hala, bilera horietan jakinarazi dira pasaportea ez itzultzeak dakartzan zailtasunak eta sortzen den paradoxa. Izan ere, igortzen den pasaporte berriak entregatu ez den pasaportean dagoen eduki bera dauka.
4.2.5. Horrez gain, 2016an, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako euskal zerbitzu juridikoko (Aholku Sarea) koordinatzailearekin elkartu ginen. Horren helburua da atzerriko pertsonen erregularizazio dokumentalaren inguruan orientatzea eta bat-bateko irregulartasun-egoera saihestea, baita familian bizitzeko eskubidea gauzatzen laguntzea ere. Bertan, Aholku-Sareak 2015ean egindako lanaren berri eman zen eta 2016rako lan-ildoak azaldu ziren.
4.3. Jardunaldi eta mintegietan parte hartzea
Arartekoak zenbait forotan parte hartu du; foro horietan, asilorako eskubidea defendatu du giza-eskubide bezala. Horiek gehiago zehazten dira txosten honen IV. eta V. kapituluetan. Horien artean, Madrilgo Ateneoan defendatu du eskubide hori hitzaldi honekin: Europa ispiluaren aurrean: errefuxiatuen krisia.
Aurten, urtero UPV/EHUrekin elkarlanean antolatutako udako ikastaroan, izenburua hauxe zen: “Europa, asilo lurraldea? Erronka eta erantzunak”.
Jardunaldi horietan aztertu zen Europan behar bezala errespetatzen ote den asilo eta babeserako eskubidea, bereziki gatazka odoltsuetatik ihes egiten duten pertsona-saldoak direla eta.
Arartekoak, Europako Egunaren ospakizuna dela bide, Eusko Legebiltzarrak eta Euskobaskek antolatutako jardunaldi batean parte hartu du: “Europa berri baterako eztabaidak”.
Arartekoak, Emakunderekin batera, Emakume eta adingabeak salerosteari buruzko jardunaldi bat antolatu du.
2016ko otsailaren 27an, Arartekoak bat egin zuen Iheslari eta etorkinen eskubideen aldeko martxa Europan Ibilbide segurua ekimenarekin. Europako hiri askotan egin zen ekimena eta, horren bidez, erantzun humanitario bat eskatzen da, asiloari eta giza-eskubideen babesari dagokienez onartutako nazioarteko betebeharrak errespetatzen dituena.
Horrez gain, Arartekoak, ekainaren 20an, erakunde-adierazpen bat igorri zuen Babesaren Nazioarteko Eguna dela-eta.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. 2016an, Europar Batasunak eta Espainiak ez diete erantzun egoki bat eman Europan sartu diren pertsonei. Izan ere, pertsona horiek gatazka beliko batetik ihes egiten dute, euren bizitza eta seme-alaben bizitza arriskuan zegoelako.
Gainera, Espainian, asilo-sistema gainezka egon da nazioarteko babeseko eskaerak nabarmen areagotu direlako nazioarteko egoeraren ondorioz eta, bereziki, Siriako gatazkaren ondorioz. Sistema horrek ez du malgutasun nahikoa izan Europar Batasunarekin bere gain hartutako konpromisoak bete ahal izateko, babes-eskatzaileak berriz kokatzeari eta finkatzeari dagokienez. Horrela, Grezian eta Italian, oraindik ere, pertsona ugari daude dagozkien asilo-eskaerak ebaztearen zain. Izan ere, pertsona horiek baldintza tamalgarriak jasaten ari dira denboraldi luzeegiaz.
5.2. Ehunaka pertsona etortzen ari dira Europara eta horren aurrean ematen ari den erantzuna ez da nahikoa. Hori dela eta, askotan, babesa eskatzen duten pertsonek beste norako batzuetara bidaiatzen jarraitzen dute eta ez dute babes-eskaera aurkezten lehendabizi sartzen diren edo zeharkatzen dituzten estatuetan. Horren ondorioz, estatu kide batzuek Europar Batasuneko beste herrialde batzuekin abiarazitako kontrolak berraktibatu dira. Ez dago baliabide nahikorik pertsona horiek hartzeko eta horiei arreta emateko eta neguan tenperatura baxuak jasaten ari dira. Hori dela-eta, Europan milaka pertsona muturreko baldintzetan daude.
Berriz kokatu eta finkatzeko programak eskasak izaten ari dira eta erritmo izugarri geldoan egiten ari dira, larrialdi humanitarioari aurre egiteko. Europar Batasunak eta Turkiak erabaki bat sinatu zuten (formalki, adierazpen bat) 2016ko martxoaren 18an migrazioaren kontrolari buruz. Hala, horren helburua zen Egeo itsasoa zeharkatzen duten pertsonen joan-etorriak etetea. Erabaki horretan itzulerak kudeatzeko ekintza-plan bat jaso da.
Erabaki hori aplikatuz, Turkiatik Greziako uharteetara modu irregularrean heltzen diren migratzaileak eta asilo-eskatzaileak Turkiara itzul daitezke. 2016an, Europara sartu diren pertsonen kopurua murriztu da eta itzulerak areagotu dira.
Abiarazi diren neurriek zalantzan jartzen dute Europar Batasunaren gaitasuna arazo komun bati aurre egiteko, baita estatu kideen solidaritatea eta horien borondatea eta konpromisoa ere asilorako eskubidea betearazteko. Hala, eskubide hori aitortuta dago estatu kideen antolamendu juridikoetan eta Europar Batasunaren Funtsezko Eskubideen Gutunean.
5.3. Dauden erronken artean dago babesa eskatzen duten pertsonen harrera eta, gainerako immigranteekin bezalaxe, horien integrazioa eta diskriminazioaren aurkako borroka.
5.4. Aipatu behar da, oraindik zehaztu gabe dagoen kontu bezala, Osasun Ministerioak duen konpromisoa lehen mailako arretan osasun-arretarako eskubidearen aitorpenarekiko, atzerriko pertsonen administrazio-egoera gorabehera. Hori autonomia erkidegoek lehen mailako arreta jasotzeko sarbidea argitzea eragozten ari da, Euskadiko Autonomia Erkidegoak bezalaxe. Izan ere, horrek adierazi du talde horri osasun-estaldura ematen jarraitzeko asmoa duela.
5.5. Nabarmentzeko moduko elementu positibo bat da Euskadin dagoen diru-sarrerak bermatzeko sistema; sistema horren bidez, diru-sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzarako prestazio osagarria edo gizarte-larrialdiko laguntzak jaso daitezke. Horrez gain, baztertze larriko prozesuak saihesten ditu, berreskuratzeko zailak direnak. Gainera, azpimarratu behar da immigrazioko langile teknikoen toki-sarea eta euskal herri-administrazioek duten inplikazioa eskola inklusiboarekin. Izan ere, integrazioa eta sentsibilizazioa eta diskriminazioaren aurkako borroka errazten dituzten zenbait programa babesten ditu (Aholku Sarea, Era Berean eta erkidego-integrazioko beste programa batzuk).
5.6. Hirigintza-antolamenduko politikak sustatzeko beharra baloratzen jarraitzen da, hiri-eremu batzuetan kultu-espazioen bereizketa saihesteko, “hirirako eskubidea” deritzona aplikatuz. Izan ere, pertsona guztiek dute eskubide hori hiri-ingurura sartu ahal izateko baldintza-berdintasunean eta beste eskubide batzuk gauzatzeko beharrezkoak diren ekipamenduak eta zuzkidurak baliatzeko, besteak beste, askatasun erlijiosoko eskubidea gauzatzeko.
5.7. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen da atzerriko gazteei zuzendutako prestakuntza-eskaintza eratzea, horien egoera akademikoak eta dokumentazioa erregularizatzeak dakartzan zailtasunak kontuan hartzen dituena.
5.8. Urtero adierazten dugun kezkatzeko arrazoi bat da pertsona batzuek eta, bereziki, gazteek duten zailtasuna laneko eta egoitzako baimen bat eskuratzeko lan-eskaintza bat ez izateagatik. Euskal herri-administrazioak hezkuntza bezalako zerbitzu publikoak kudeatzen ari dira, baita laneko orientazioko eta prestakuntza okupazionaleko zerbitzuak ere. Halaber, gure hirietan bizi diren atzerriko familiei laguntzak eta prestazioak ematen dizkiete orain dela urte asko, horiek euren oinarrizko beharrak ase ahal izateko eta horien gizarteratze eta laneratze prozesuak babesteko. Hala ere, pertsona horietako askok ez dute lan egiteko baimenik, edo zaila da lana lortzea; beraz, agerian jartzen da euskal herri-administrazioek egiten dituzten ahaleginen eta lan-munduan sartzeko oztopoen arteko inkoherentzia, lan egiteko baimen administratiboa izan behar baita, eta hori Estatuko Administrazio Orokorrak ematen du. Hala, euskal herri-administrazioen jarduketa horiek ez dute merezi duten pisua.
5.9. Aurten, aurrerapausoak eman dira gorrotoaren hitzaldiari emandako erantzunean. Hala, interesgarria izango litzateke gorrotoaren hitzaldiaren aurkako borrokaren inguruko 15. Gomendio Orokorra hedatzea, baita Europako batzordearen Arrazismoaren eta Intolerantziaren aurkako azalpen-memoranduma ere bai, Europako Kontseilua. Talde desberdin eta ahulen inguruko iritzi estereotipatu eta iraingarriak sortzea pertsonen duintasuna izateko eskubidearen aurka doa eta diskriminazioaren aurkako borroka ahultzen du, baita integrazio-politikak ere.